Euskal Herriko pinuak SOS


Onddo batek eragindako gaitzak kinka larrian jarri ditu intsinis pinuak. Administrazioak eta egurraren sektoreak sailak salbatzeko moduaren bila badabiltza ere, ez dago jakiterik sendabiderik aurkituko duten. Beste eragileek aurrera begirako baso politikaz eztabaidatu nahi dute.

Duela urte batzuetatik ari ziren pinudiak jasaten gaitzaren erasoak, bereziki Gipuzkoan, baina aurtengo udan izan diren hezetasun handiak eta beroak inoizko gehien zabaldu dute izurritea. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, intsinis pinuen %35 inguru daude gaitzak kutsatuta. Haietako asko ezin izango dira leheneratu, beste asko botika egokiaren edo eguraldi baldintzen zain daude, irtenbiderik duten edo ez jakiteko.

Datorren urteetan pinua gure paisaiaren parte izango da?



"Nafarroako pinuen % 35 inguru daude kutsatuta"

Pinuak gaixotu dira (Elgoibar eta Mendaroko baserritarren iritzia) Iturria: www.barren.eus

Nolako basoak daude Euskal Herrian?

  • % 60 Hosto zabalak
  • % 34 Koniferoak
  • % 6 Baso mistoak

Euskal Herrian "Intsinis" pinuaren hedaduraren % 36a dago kutsatuta

Sendabiderik?


Sendabiderik izango den ere ez dakite ziur. Nazioartean halako egoerak pasatu eta gainditu dituzten hainbat herrialdek ematen diete itxaropena, baina ez dago jakiterik Euskal Herrian posible izango den. Krisiak, baina, aspaldiko eztabaidarik handiena piztu du baso politikaren inguruan.

Ñabardurak ñabardura, ia eragile guztiak bat datoz: ezin une egokiagoa da gogoeta sakon bat egin eta aurrera begirako baso politikari buruzko eztabaida mamitsu eta zabal bat egiteko.

«Larritasunaz jabetuta bai, baina itxaropentsu gaude. Duela urtebete etorri zen Txileko aditu bat, eta aurten Zeelanda Berrikoak heldu dira gurera. Haiek antzeko egoerak pasatu dituzte duela 50 urtetik hona, eta gai izan dira aurrera egiteko. Beraz, egin behar dena eginez gero, hau kontrola daiteke»

Kepa Albizu, Baskegur baso jabeen elkartea

Publikoak vs pribatuak

Ikuspegi hori baino baikorragoa du Baskegurrek intsinis pinuen monokultiboak ekarri dituen onurei buruz. «Aniztasun handiko egoera daukagu, eta egoera nahiko orekatua da: basoen erdiak hostozabalak dira, eta erdiak koniferoak; erdiak baso publikoak, eta erdiak pribatuak. Babesaren aldetik ere, lurraldearen %40 babestuta dago. Kanpotik etortzen direnek esaten dute zorte itzela dugula, paisaje aberatsa eta ederra. 20.000 lanpostu daude zuzenean edo zeharka basogintzari lotuta. Askotan gertatzen da norberak ez duela baloratzen etxean daukan hori».

Askotan lotzen da pinuen edo eukaliptoen monokultiboa lurren jabetza pribatuarekin. Lotura horren okerraz ohartarazi du Villasantek. «Jabetza publikoko lurren %69an monokultiboko sailak daude Bizkaian». Hau da, udalek eta diputazioak ere jotzen dute ekoizpen eredu horretara. Villasanterentzat, ordea, «kezkagarriena» da oraindik ere eredu horrek ez duela goia jo. «Oso larria da, adibidez, Enkarterrin gertatzen ari dena. Mendi publikoak pribatizatzen ari dira eukaliptoz betetzeko. Mendi horiek baldintza batzuk betetzeko izendatu ziren publiko, baina eskakizunak ez dira betetzen, eta aldundiak ez du ezer egin horren aurka».Ereduak du akatsa, Aristegiren ustez. «Baserritarrok badakigu, nekazaritzan bezala, basogintzan ere balioa erantsia eta aniztasuna nahitaezkoak direla. Eta, hemen, monokultiboa sustatu denean, horren aurka jo dugu. Eredua aldatzera jo behar da, eredua bera baita arazoa».Beste baso politika batzuk badira, izan ere. Nafarroan dago bat. Basoen jabetza publikoa edo komunala nagusi da han, eta baita Araban ere. Horrek aukera eman du baso aniztasuna, fauna eta floraren aberastasuna eta, oro har, bioaniztasun handiko basoak egur ustiaketarekin bateragarriak izateko.Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dute bide horretatik jo. Aristegik gogoratu du aurreko agintaldian, Bildu Gipuzkoako diputazioan zela, ahalegin bat egin zutela lur publikoetan pinuak ordezkatzeko bertako zuhaitz espezieekin. Horrek gatazka handia eragin zion aldundiari egur ustiatzaile eta baserritar sindikatuekin (EHNE, ENBA...). Diputazioari «jarrera biozentristak» izatea leporatu zioten, eta Jon Peli Uriguen Landa Garapeneko diputatuaren dimisioa eskatu zuten, hark Julian Unanue Natura Inguruneko zuzendaritza kargutik kendu zuelako. «Hori izan zen hauteskundeak galtzeko arrazoi nagusietako bat, atez ateko kontuarekin batera», aipatu du Aristegik.Bizkaian ere izan dira egur sektorearen presioak, antzeko politikak aurrera eraman dituzten hainbat udal edo eskualdeetan. «Gorbeialdeko iparraldean eta hegoaldean politika ezberdinak egiten dira, eta horrek isla dauka hango basoetan eta paisaian. Zergatik ez dira diru laguntzak ematen iparraldeko partean beste baso politika batzuk egiteko?». Gogoratu duenez, Urkiolan bere garaian erabaki zuten lurrak erostea, eta, denborarekin, «presioa dela eta», dinamika hori eten zuten. «Non geratzen da kontserbazioa? Non geratzen da naturatik hurbileko basogintza? Zergatik ezin da basoan ekoitzi eta, aldi berean, bertako aniztasuna eta bertako espezieak kontserbatu? Badaude adibideak inguruko herrialdeetan, adibidez Burgosen, eta, beste modu batera bada ere, baita Nafarroan ere».


Zer egin daiteke?

Intsinis pinuaren gaitza garai garrantzitsuan etorri dela bat datoz eragileak. Baserrietan belaunaldi aldaketa bat gertatzen ari da, eta jende gazteak ez ditu nahi basoak eta lurrak.


«Basogintzari buruzko erabakia ez dute bakarrik diputazioak eta baso jabeek hartu behar. Espainiako Konstituzioak dio gizarteak ingurumen osasuntsu baterako eskubidea daukala. Basoetako diru laguntzak gizartearen patrikatik irteten dira. Beraz, uste dugu guztiok parte hartu behar dugula eztabaida horretan, eta hor kontuan hartu beharko dugula jabeek dirua lortzeko eskubidea dutela, baina denon artean politika berri bat martxan jarri».

Bizkaiko Basozainak


Diru laguntzarik badago?

«Nondik datoz laguntzak? Europatik, Bizkaitik? Norena da diru hori? Denona, ezta? Beraz, denok hitz egin dezakegu horretaz. 1,4 milioi euroren laguntzak ematen dira Bizkaian, eta 3 milioi Gipuzkoan. Zertarako eta zer baldintzatan?». Kolore Guztietako Basoak.

Aristegik ere berebiziko aukera ikusten du, eta momentua aprobetxatu beharko litzatekeelakoan dago. «Orain, Asiako zedroarekin ari dira esperimentuak egiten, eta bestela eukaliptoa izango da. Alegia, bertako espezieekin ez direnekin ari dira. Aldiz, ez dago ikerketarik neurtzeko ea bertako espezieek eraikuntzan eta beste zerbitzu batzuetan izan dezaketen ahalmena, ez administrazioaren eta ez industriaren aldetik. Biomasaren aukera ere hor dago, eta ikertu beharko da».Horretarako, baina, borondaterik ez du ikusten, eta ihes egin nahi dio «dena zuri edo dena beltz» azaldu nahi duen irudiari: «Pinudiek garrantzia izan dute baserritarren errentak osatzeko. Pinudi zaharrak espezie batzuentzako bizileku bihurtu dira, eta bioaniztasun bat badute. Problema monokultiboa da. Hausnartu behar dugu zer nahi dugun. Jarri behar dira aukera guztiak mahai gainean, eta erantzuna ezin da utzi jabe handien interesen menpe. Eta lursail publikoek aitzindariak izan behar dute, orain baserritar batzuk ari baitira euren kabuz intxaurrondoak, haritzak, lizarrak, akaziak eta halakoak landatzen».Ikuspegi horrekin ez dator bat Baskegur: «Baso jabe batek bere sail bat pinuz betetzen badu, zu nor zara esateko zer eduki behar duen hor, behar den moduko kudeaketa egiten badu?». Azken finean, espezieen arteko aldeez egiten diren balorazioekin ez dator bat Albizu: «Batzuek uste dute zuhaitz batzuk onak direla eta beste batzuk txarrak. Eta hori ez da horrela. Zuhaitzak ondo kudeatuta edo txarto kudeatuta egon daitezke. Ondo kudeatuz gero, intsinis pinuak oso ondo egokitzen dira gure lurraldera. Badira 150 urte landatu zirela lehen pinuak, eta hiru arlotan dakarte onura: sozialki, ekonomikoki eta ekologikoki».


Bertako espezieen errekuperazioa, egungo helburua.

Gipuzkoak %65 eta %80 bitarteko diru laguntza ematen du bertako zuhaitzak aldatzeagatik, eta Bizkaiak, %90ekoa. Lur pribatuak inoiz baino merkeago daude orain, jabe batzuek ez baitiete jarraipenik eman nahi pinudiei. Hala ere, bi diputazioek lur pribatuak berreskuratzeari atea itxi zioten duela urte batzuk.

Eta ordezkorik badago?

Pinudien izurriteak etorkizunean zer ekar dezakeen mintzagai dute basoen inguruko lanean ari diren batzuek eta besteek. Ibañez: «Jendeak badaramatza urte batzuk eukaliptoak sartzen, eta, orain, gaixotasun honekin, argiago daukate pinurik ez dutela nahi». Arrisku hori ikusten dute ekologistek ere. Villasante: «Batzuek orain arteko gauza bera egin nahi dute, baina beste espezie batzuekin; adibidez, Japoniako zedroarekin Gipuzkoan, edo sekuoiarekin. Baina beldurgarriena eukaliptoarena da. Gertatzen ari da Bizkaian, eta honekin are gehiago gertatuko da».Bizkaian, gehien zabaldutako zuhaitz espezieetan bigarrena da eukaliptoa. 17.000 hektareatan dago, eta pagoa eta haritza baino ugariagoa da: «Basozainak esaten ari dira jadanik 20.000 hektareara irits daitekeela. Hori berehala arautu eta geratu behar da», dio Villasantek. Beste herrialdeetan guztiz bazterrekoa da eukaliptoaren presentzia, baina Gipuzkoan badira sail batzuk, eta 600 hektarea inguru hartzen du jadanik. Haien populazioa hazten ari da han ere.Eukaliptoa nolabait ordezkatzen ari da pinua. Datu ekonomikoetan bila daiteke horretarako arrazoietako bat. Duela 20 urte 120 euro balio zuen pinudien metro koadroak. Gaur egun, 50 eurora jausi da. Pinudiek lan bat dute mantentzeko: inusketak, entresakak, garbiketak eta halakoak egin behar izaten dira, eta, haiek eginez gero, mendia nahiko garbi eduki daiteke. Eukaliptoetan askoz txikiagoa da esku hartzea. Ibañez: «Mila bat ale landatzen dituzu hektareako. Ongarri pixka bat botatzen duzu, desgloseren bat lehen urtean, eta hor geratzen da... Ez du behar ez indusketarik, ez entresakarik». Gainera, 15 urte betetakoan moztu, eta beren kasa ateratzen dira berriro zuhaitz berriak.Kontuak badu ifrentzua, baina. «Eukaliptoa oso azkar hazten da, eta, horretarako, ur asko behar izaten du. Lurrean dagoen guzti-guztia xurgatzen du, eta dena lehor-lehor uzten du. Garbiketarik egiten ez denez, egur asko geratzen da mendian, eta, sua pizten bada, erregai pila bat geratzen da», ohartarazi du Ibañezek. Horrek asko arduratzen ditu basozainak. Izan ere, suhiltzaile lana egiten dute baso suteetan, eta hondamendi larriak izan dira eukalipto sail handietan, esate baterako, Galizian eta Portugalen. Beste alde txar bat ere badute eukaliptoek: bioaniztasunaren galera. «Eukaliptoetan ez da ezer egoten, ez animaliarik ez beste landarerik, eta horrek ere asko kezkatzen gaitu, guk baso biziak nahi baititugu».Ez Bizkaian ez Gipuzkoan ez dira diruz laguntzen eukaliptoen landaketak. Lagundu izan dira, baina gaur egun jadanik ez. Soilik sastraka garbiketak lagundu izan dira, suteak prebenitzeko. Ez du nahikoa ikusten hori Kolore Guztietako Basoak plataformak: «Neurtu egin behar da zenbateko eukalipto hedadura behar dugun bertako kontsumoa asetzeko eta zenbat kanporako. Guk egindako kalkuluen arabera, 8.500 hektarearekin nahikoa litzateke. Norbaitek egin du kalkulu hori, edo pertsonen esku utziko dugu eukaliptoak sartzeko erabakia?», galdetu du.Izan ere, hala egiten bada, suterik gertatuz gero eta, horrek ondorio larriak baditu, nork hartuko du horren erantzukizuna? «Itxaron behar al dugu hildakoren bat izan arte?». Maite Aristegik arriskua ikusten du beste monokultibo batean erortzeko: «Pinua botatzea erabaki dute baserritar askok, eta gero zer egingo dute sail horietan, hau da, eukaliptoa sartu? Horri buruz ematen den informazioa oso txikia da, zeren ez da esaten zer eragin txarra daukan bioaniztasunean eta lurraren kalitatean. Eta, gainera, eukaliptoek ere gaixotasuna daukate».Pinudiak egurretarako eta papera edo kartoia egiteko erabiltzen dira. Eukaliptoa, berriz, paper fabriketara bidaltzen dute: adibidez, Hernaniko Zikuñaga paper fabrikara (Gipuzkoa) eta Kantabriara (Espainia). Baskegurrek ere ez du txalotu eukaliptoak sartzeko erabakia. «Jarrera arduratsua izan behar dugu. Pinudiak bota behar diren kasuetan ere uste dut ez daukala zentzurik orain dena eukaliptoarekin aldatzea». Gipuzkoako Aldundiak ez du arriskurik ikusten, oraingoz, eukaliptoarekin. «Pinua ordezkatzeko espezie zerrenda zabala dago. Bata edo bestea erabiltzeko, jabeak aztertu beharko ditu bere lursailaren baldintzak, norbere desioak, ematen diren laguntzak —eukaliptoa ez da laguntzen—, egurraren erabilera, mozteko epeak eta espezieak naturalki birsortzeko duen ahalmena».

This is only a preview. Start publishing!

Enquire now

This is only a preview.
Start publishing!

Subscribe now to begin publishing your Shorthand stories. All plans offer flexible hosting options, best-practice training & online support.

Enquire now
As used by
  • BBC
  • Hearst Magazines
  • Guardian
  • Telegraph
  • Save The Children
  • ABC
  • Trinity Mirror
  • Fairfax Media
  • Haymarket